Aukeraketa prozesuko unerik garrantzitsuena da, une seinalatua. Lan-elkarrizketak ezberdinak izaten dira enpresaren ezaugarrien edota tamainaren arabera.
Aldez aurretik prestatu behar duzu elkarrizketa: aurkitu zure puntu sendoak eta ahulak eta aukeratuko zaituen enpresari buruzko informazioa bilatu ezazu. Saiatu zaitez, posible balitz, elkarrizketa nork egingo dizun jakiten.
Zaindu zure itxura fisikoa. Gogoratu produktu bat saldu behar duzula, eta produktu hori zu zeu zara. Garrantzitsua da itxura garbi eta apaindua erakustea. Saiatu zaitez enpresa horretako ohituren araberako janzkera eramatea.
Elkarrizketaren unea heltzen denean gomendio nagusia lasai egotea da. Saihestu itzazu estresa eta tentsio egoerak, segurtasun eza baino ez dizkizute ekarriko, eta hori zure kontra joango da.
Hauexek dira, beraz, elkarrizketa ondo ateratzeko ahaztu behar ez dituzun urrezko arauak:
- Ez zaitez inoiz berandu iritsi.
- Saia zaitez itxura ona ematen.
- Ez ezazu elkarrizketatzailea eten.
- Ez ezazu zure kurrikuluna puztu.
- Ez zaitez gaizkiesaka aritu.
- Ikas ezazu zeure burua saltzen.
- Zaindu zure hizkuntza, ekidin itzazu lagunarteko esamoldeak.
- Izan ezazu zeure buruarekiko konfiantza.
- Aldarte irekiarekin egon zaitez.
- Denbora nahikoarekin presta zaitez.
- Esaten dizutenari adi egon zaitez eta erakutsi ezazu, keinu bitartez, elkarrizketatzaileak esandakoari arreta osoa eskaintzen ari zarela.
Elkarrizketaria konturatu behar da oso interesatuta zaudela lanpostu hori eskuratzeaz. Behar duen pertsona zu zarela sinestarazi behar diozu.
Enpresaren edota lanpostuaren ezaugarrien arabera era ezberdinetakoak izan daitezke lan elkarrizketak: taldekakoak, bakarkakoak, aurre-hautespenekoak, simulaziozkoak, txokekoak?
Lan-elkarrizketa guztiak desberdinak dira. Halere, elkarrizketa prestatzeko unean, kontuan izan beharko duzu elkarrizketa guztiek fase berdinak errepikatzen dituztela. Gure gomendioak jarraitzen badituzu, zure lan-elkarrizketa arrakastatsua izango da eta lana eskuratzeko aukerak izango dituzu. Irakur itzazu arretaz ondoren laburbiltzen dizkizugun lan-elkarrizketaren faseak. Asko lagunduko dizute.
-
- Agurra. Naturala izaten saiatu zaitez, baina pasatu gabe. Eskua estutu ostean, elkarrizketatzaileari ekimena hartzen uztea da zuzenena.
- Sarrera. Garrantzi handirik gabeko gaiei buruzko azalpenak eman ditzakezu giroa jartzeko. Ezer bururatzen ez bazaizu, eguraldia eta zirkulazioari buruz hitz egin dezakezu.
- Enpresari eta lanpostuari buruzko datuak. Eskaintzen den lanpostuari eta enpresari buruzko argibideak emango dizkizute. Oso ongi geratuko zinateke enpresari buruz zertxobait badakizula erakusten badiezu. Horretarako, ondo legoke joan aurretik informazioa biltzea.
- Datuak biltzea. Zure heziketaren, esperientziaren, familiako datuen eta zaletasunen inguruko galderak egingo dizkizute. Ez ezazu zure curriculuma gehiegi puztu, harrapatu egin zaitzakete eta.
- Elkarrizketaren amaiera. Galderak egiteko une egokiena da. Aprobetxa ezazu une hori argi geratu ez zaizkizun puntuen inguruko galderak egiteko. Ez zaitez lotsatu, damutu egingo baitzaizu galderarik egin ez izana.
Iturria: http://www.gazteaukera.euskadi.eus/