Asko dira CV bat prestatzerakoan egin daitezkeen akatsak:
- orrialde gehiegi,
- esanguratsua ez den informazioa (enplegatzaileak ez du zure zaletasunen berri jakin nahi),
- egitura falta...
Ez zara Giza Baliabideetako aditua izan behar akats hauetaz ohartzeko.
Dena den, izan badira profesional hauek soilik ikusten dituzten bestelako akatsak ere. Badira egokitzat jo ditzakezun zenbait esaldi baina testuingurutik kanpo topiko hutsak bilaka daitezkeenak. Hemen dituzu zure CVa papera birziklatzeko kontainerrera bidal dezaketen zenbait hitz edo esaldi 'inozo'-en adibideak:
- '...egiteko gai naiz': Inork ez du bere burua ezgaitzat jotzen. Horren ordez, eraginkorra zarela adierazi ahal duzu.
- 'Gogor egiten dut lan': Gogor lan egitea eraginkortasun falta gisa ere uler daiteke. Enpresek ez dute gogor egiten duen jendea nahi, ondo lan egiten duen jendea baizik.
- 'Arazoak konpontzen aditua naiz': Inplizituki zu zaren toki guztietan arazoak izaten direla ulertzera ematen ari zara.
- 'Pertsona berritzailea naiz', 'taldean lan egiten ondo moldatzen naiz' edo 'emaitzak lortzera bideratuta': Ezagunak egiten zaizkizu, ezta? Bada, imajina ezazu CV guztiak irakurri behar dituen pertsonari.
Hauexek dira ia CV guztietan errepikatzen diren topiko huts nagusienak. Dena den, esaldi hauek guztiek balore positiboak islatzen dituzte eta ez duzu zertan hauetatik ihes egin behar; saiatu gauza bera esaten baina beste hitz batzuk erabiliz.
Curriculumak bidali badituzu eta inork erantzuten ez badizu pentsa zure CVak aipatu hauetako akatsaren bat izan dezakeela. Ez etsi; errepasatu CVa eta aztertu zer den kale egiten duena.