Zoritxarrez, gure eskura hel daitezkeen lan eskaintza guztiak ez dira benetakoak. Etekin ekonomikoa lortzeko iruzurrezko lanpostuak eskainitzen dituzte, langabezia tasa altuak eta beste hainbat faktore aprobetxatuz.
Dena den, lan eskaintza horiek gutxieneko bat dira aurki ditzakegun lan eskaintza guztien artean eta, horregatik, funtsezkoa da lan eskaintza faltsuak eta benetakoak bereizten jakitea.
Iruzurrezko lan eskaintzek, hainbat kasutan, atzerrian lan egiteko eskaintzekin dute harremana. Hainbatek atzerrira joateko erabakia hartu du esku artean lan eskaintza on bat zuelakoan eta hara iristen direnean aurkitzen dituzten lan baldintzek ez dute zer ikusirik eskaintzan zehaztutakoekin. Zenbait kasutan enpresa egon badago, baina beste batzuetan, aldiz, estalgarri bat besterik ez da.
Egon badira ere atzerrian formakuntza eskaintza faltsuak.
Faktore askok adierazi ahal digute esku artean dugun lan eskaintza hori faltsua ala benetakoa den, edo, kasuak kasu, iruzurra den. Adibidez, honelako lan eskaintzez ez gara fidatu behar:
- Lanposturako aukera izaten jarraitzeko diru kopuru bat eskatzen badigute edo ikastaro bat egitea eskatzen badigute.
- Ohikoa baino diru sari handiagoa eskaintzen badute.
- Oso ordutegi malguak eskaintzen badituzte.
- Ez badago oso garbi zein lan bete behar den.
- Lanean berehala hastea eskatzen badute.
- Lan ordainik gabeko proba aldi bat eskatzen badute.
- Eskaintza iturria fidagarria edo ezaguna ez bada.
- Eskaintza orotariko posta elektronikoko kontuetatik iristen bazaigu, hala nola, Gmail, Hotmail...
- Tarifikazio osagarriko telefono zenbaki batera deitu behar baduzu. Ez zaitez fida 803, 806, 807 edo 905 bezalako aurrezenbakiak dituzten telefonoez.
- Eskaintza denbora luzez enplegu atari batean mantentzen badute, nahiz eta hautagai kopuru oso altua izan.
Iruzurrezko lan eskaintzen artean, apika, ezagunenak etxean, edozein tramankulu muntatzen, lan egiteko aukera ematen dizuten horiek ditugu edota negozio piramidalekin erlazionatutako beste horiek guztiak non zenbait produktu erosi behar dituzun ondoren zuk lortu behar duzun bezeriari saltzeko.
Azkenaldian, ‘transakzio-bitartekariak’ izenarekin ezagutzen diren hainbat kasu ezagutzera eman dira. Kasu horietan, pertsona iruzurtuak transferentziak jasotzen ditu bere bankuko kontu korrontean komisio baten truke beste kontu korronte batzuetan berriz sartzeko. Hori oso larria da, besteak beste ondorio penalak dituelako eta kartzela–zigorra jaso ahal duzulako. Zalantza izanez gero, kontratua edo zereginak zehaztuta izan ezean, ez kobratu edo ez ordaindu.
Argi eta garbi hitz eginez: zure dirua nahi dute. Iruzurrezko lan eskaintza gehienek nahi dute:
- Dirua lortu modu zuzenean.
- Izaera pertsonaleko informazioa lortu hirugarren batzuei saltzeko. Informazio hori guztia etorkizunean izango diren marketing kanpainetarako oso baliogarria da.
- Informazio finantzarioa. Informazio horrekin iruzurgileek aukera dute pertsona iruzurtuen kontu korronteetatik dirua lortzea.
Funtsezkoa da eskaintza bat faltsua egiten duten ezaugarriak bereizten ikastea. Esan bezala, zalantza izanez gero, hobe aurrera jarraitzen ez baduzu.
Eskaintza faltsu gehienak Internet bidez burutzen dira. Horrek ez du esan nahi Interneten aurkitzen diren eskaintza gehienak faltsuak direnik baina egia da Internet bidez egiten diren hainbatek iruzur harreman zuzena dutela lan eskaintzekin.
Horregatik, Internet bidez lan bila bazabiltza, komenigarria da kanal fidagarriak erabiltzea: lana bilatzeko atari egiaztatuak, erakunde ofizialak... Dena delakoa kanala erabiltzen duzula, ziurtatu datu pertsonalen babeserako politika argia dutela.
Azkenik, beti duzu lana eskaintzen duen enpresa horren web gunera jotzeko aukera eta bertan ikusi esku artean duzun lan eskaintza hori edota enpresa bera benetakoak diren ala ez. Informazio hori erraz eskura daiteke Interneteko bilatzaileen bidez; enpresaren izena edota lan eskaintzaren datuak sartuta, beste erabiltzaileek emandako (foroetan, etab...) informazioa ikusi ahal izango duzu iruzurra den ala ez.
Mezua igorri duen pertsona edo erakundea guztiz fidagarria ez bada hobe erantzuten ez baduzu. Oro har, mezu hauek eredu generikoetan oinarritzen dira eta ez diote zure pertsonari erreferentzia zuzenik egiten. Gainera, akats ortografikoak baditu edota erabilitako hizkuntza oso naturala ez dela ikusten baduzu, badakizu zer egin behar duzun mezu horrekin. Mezuaren egiatasunaz zalantzak izanez gero, ez sakatu bertan izan daitezkeen esteketan.
Gero eta gehiago, mezu hauen atzean ‘crackers’ izenarekin ezagutzen direnak ezkutatzen dira, hots, asmo oso onak ez dituzten informatika adituak. Baliozkotutako posta elektronikoko zerrendak oso preziatuak dira ziber-gaizkileen artean eta, gainera, zerrenda honetan azaltzen diren pertsona guztiek komunean badute lan bila dabiltzala, horrek bere lana errazten du.
Ahalik eta eperik laburrenean Ertzaintzari jakinarazi beharko diozu.
Eskaintza interneteko atari batean badu jatorria, atari horren kudeatzaileekin harremanetan jarri beharko duzu iruzur horren berri emateko.