AA pribatua zure ordenagailuan: ikasi LLM lokalak erabiltzen zure datuak baliatuta eta bete AI Act-a (Euskal Encounter)

OpenGune - SPRI-Enpresa Digitala tailerren gunean

Tailer praktiko honetan, ikasiko duzu zer abantaila dituen adimen artifizial sortzailea modu pribatu, seguru eta kontrolatuagoan erabiltzeak, hizkuntza-ereduak (LLMak) zuzenean zure ordenagailuan exekutatuz, modu lokalean, eta zure datuekin modu pribatuan hitz eginez.

Alde batetik, ikusiko dugu zein diren AI Act-en gakoak (Europar Batasuneko Adimen Artifizialari buruzko Legea), lege horren zer atal hasiko diren aplikatzen abuztuaren 2an eta nolako eragina duen AAko sistemen erabileran: arrisku-mailaren araberako sailkapena, oinarrizko betebeharrak, datuen pribatutasuna eta AAko tresnak arduraz erabiltzeko jardunbide egokiak.

Alde teknikoari dagokionez, berriz, ikusiko dugu kode irekiko zer aukera erabil daitezkeen hodeiko zerbitzuen ordez, zer abantaila eta nolako eskalagarritasuna duten aukera horiek, nola instalatu eta exekutatu LLMak lokalean, nola prestatu bezero/zerbitzari ingurune pribatu bat eta nola konektatu datu-dokumentuak edo -karpetak haiekin modu seguruan hitz egiteko.